BILDUMA HIZTEGIA

joint custody (en)

Alorra: GIZARTE-ANTOLAKETA ETA HARREMANAK



Gurasoak banantzean aukeran dauden bi zaintza-motetako bat. Zaintza-mota honetan, guraso bakoitzaren eta seme-alaben arteko bizikidetza-araubide bat ezartzen da, familia-egoeraren inguruabarretara egokitua, guraso biek beren eskubideak eta betebeharrak berdintasun-egoeran baliatu ahal izatea bermatzeko. Gurasoak banantzen direnean, bi zaintza-eredu ezar daitezke: zaintza partekatua eta guraso bakarreko zaintza. (Iturria: Kode Zibileko 92. artikulua)
Gurasoek zaintza-eredua adostu dezakete, eta akordioa epaileak onartu behar du. Adostasunik ez badago, epaileak erabakiko du, adingabearen interes gorena kontuan hartuta.
Euskal Autonomia Erkidegoan, gurasoen banantze- edo haustura-kasuetako familia-harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legea aplikatzen da. Horren arabera, alderdietako batek zaintza partekatua eskatzen badu, epaileak erregimen hori ezarriko du, adingabearen interesaren kalterako ez bada eta legean zehaztutako inguruabarrak kontuan hartuta.
Lege horrek eztabaida soziala eragin zuen. Mugimendu feministako zenbait eragilek adierazi zutenez, gerta zitekeen kontuan ez hartzea, batetik, nola banatzen ziren zaintza-lanak banandu aurretik, eta, bestetik, genero-indarkeriako egoerak.
Nafarroako Foru Komunitatean, zaintza Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioak edo Foru Berriak arautzen du. Gurasoen artean adostasunik ez badago, epaileak kasu bakoitzean adingabearen intereserako egokiena den zaintza-mota erabakiko du, partekatua nahiz guraso bakarrarena izan.


Hiztegi-unitateak